XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

0. Sarrera

Egungo merkatariak ederki asko daki nola helarazi mezua herritarrari iragarkien bitartez, merkagaia saltzeko, noski.

Badakigu administrazio-iragarkiak, batipat, herritar orori zerbaiten berri ematea duela helburu, eta objetibotasuna gorde behar duela.

Guztiarekin ere, helburuak helburu, badu zer ikasirik merkataritza-iragarkitik.

Gainera, azken finean, informatzeaz bat zerbait saldu ohi da, maizenik.

Horra, bada, ikastunitate honetan merkataritza-iragarkiaren ariketaren bat edo beste egiteko zergatia.

Hiru tokiotan jarri ohi dira jendaurrean administrazio-iragarkiak: iragarki-oholean, egunkarietan eta aldizkari ofizialetan.

Beste biak ez bezala, ezin du irakurleak oholeko iragarkia hartu eta eraman, baizik eta mezua buruan hartu behar du eta gero gogoratu.

Sarritan, gainera, baldintzarik makurrenetan irakurri behar izaten du oholeko iragarkia, inguruan jende edo zarata gehiegi dagoelako.

Oholeko iragarkia da, hortaz, merkataritza-iragarkiko teknikak gehien erabiliko dituena mezua agudo eta gogoan gordetzeko moduan helarazteko: irakurlearen arreta urrutitik ere erakartzea, irakurleari aurrez aurre hitz egitea, herritarrak egingo lituzkeen galderen bidez informazioa antolatzea, informazioa gogoan hartzeko moduan sailkatzea, hitz arruntak erabiltzea, oso esaldi laburrak erabiltzea, besteak beste direla.

Bestelakoa da, ordea, aldizkari ofizialetako iragarkia nola egituraz hala hizkuntza-erregistroz, iragarki horren zenbait funtzio ezberdinak direlako, batetik, eta bestetik irakurlegoa ere urriagoa eta adituagoa delako.

Adibidez, aldizkari ofizialetako aurkibideak iragarkiaren izenburua hitzez hitz jasotzen duenez, funtzio horrek baldintzatuko du izenburuaren egitura.

Halaber, irakurleak, gaiaz jantzia dagoenez, ezagutu ohi ditu hitz teknikoak herritar arruntak baino gehiago.

Horiek horrela, aldizkari ofizialetako iragarkiak oholekoak baino aldagaitzagoa du egitura, hiztegi tekniko jasoagoa eta tonu formalagoa edo inpertsonalagoa.

Bi horien tartean dago, azkenik, egunkarietakoa, oholeko iragarkitik bestetik baino gertuago badago ere: egituraz oholekoaren antzekoa, hiztegiz jasoagoa baina ofizialetakoa baino apalagoa eta tonuz oholekoa baino serioagoa baina ez ofizialetakoa bezain formala.